Orioko itsas ondarea jasotzen duen «Errioa, gure nortasuna» errelatoa aurkeztu du Udalak

Xabier Alberdi, Jesus Mari Perona, Xabier Agote, Iñaki Iturain eta Ibon Gaztañazpi adituekin landu da kontaketa, eta Iñigo Exposito arduratu da proiektuaren koordinazioaz. Liburuxka aste honetan jasoko dute etxean oriotarrek.

Anuska Esnal Orioko alkateak, Adrian Garcia Orioko turismo-teknikariak eta Xabier Alberdi Itsas Museoko zuzendariak agerraldia egin dute gaur, abenduak 22, Orioko Udalaren Turismo sailetik landu den Errioa. Gure nortasuna errelatoaren aurkezpena egiteko. Bakartxo Oliden Orioko Turismo zinegotzia, Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako zuzendaria, Iñaki Iturain idazle eta Orioko historian aditua, Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohia, Iñigo Exposito Kultur Atelier komunikazio-agentziako kide eta lanaren koordinatzailea, eta Herrio natur taldeko ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan.

«Orain bi urte, Mutiozabal eraikina inauguratzera gindoazenean, haren bihotzari buruz ezer gutxi ezagutzen genuela ohartu ginen. Eta aurrera jarraitu beharrean, prozesua gelditzea eta gure arbasoekin dugun harremanean sakontzea erabaki genuen», gogoratu du Esnalek. Era berean, turismo eredu berri bat lantzeko asmoz, Biziberritze Plana prestatzen hasi zen Udala.

Herriaren turismo-eskaintzari esanahia emateko, errelato edo kontakizun bat josteko beharra ikusi zuten, turismoaren oinarrian dagoen harreman-trukean, Orioren izaera eta jatorria behar bezala transmititu ahal izateko. «Oriok rol garrantzitsua izan du nazioartean itsasoari eta itsas teknologiari lotutako gaietan, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun itsas ondarea modu atsegin eta irakurterrazean azaltzeko euskarria prestatzea», azaldu du Garciak. Herriko ontziolen eta burdinolen inguruko datuak, herrian egiten ziren barkuen ezaugarriak, errioak herriaren garapen ekonomikoan izan zuen eragina, balea-arrantzaren xehetasunak eta horrek guztiak herriaren izaeran izandako eragina ditu aztergai, besteak beste, liburuxkak.

Horrez gain, herritarrak enbaxadore gisa indartzeko baliabideak eskainiko ditu errelatoak. Gertuko turismoa oso garrantzitsua da Orion eta, errelatoaren bidez, herriaren historia eta itsas ondarea senide eta lagunei azaltzeko aukera izango dute oriotarrek, alde zaharreko armarrien jatorria, esaterako. «Herriko txoko askotan antzeman daiteke ondare horren arrastoa, eta herritarrek duten jakin-mina asetzen eta zabaltzen lagunduko du liburuxkak».

Lantaldea eta prozedura

Errioa, gure nortasuna errelatoa garatzeko, itsas ondarean eta historian adituak diren bost lagunekin bildu dira: Xabier Alberdi Itsas Museoko zuzendariarekin, Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako zuzendariarekin, Iñaki Iturain idazle eta Orioko historian adituarekin, Jesus Mari Perona itsasontzien modelogile artisau oriotarrarekin eta Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiarekin. Haiekin izandako elkarrizketen bidez osatu da testuaren bizkarrezurra. Herrio natur taldearen ekarpenak ere jaso dira, industria-sareaz gain, ingurumenaren ikuspegia ere barneratzeko, eta Kultur Atelier komunikazio-agentziako Iñigo Exposito arduratu da proiektuaren koordinazio-lanaz. Arkaitz Barriolak egin ditu ilustrazioak.

Etxeetara banatu diren liburuxkak euskara hutsean egin dira, eta interesa dutenek, Turismo Bulegoan eta kultur etxean eskura dezakete gaztelaniazko bertsioa. Urtarrilean, bestalde, egindako lana modu sakonagoan aurkeztuko da.

Adituen hitzetan

Itsas ondarearen inguruan ikerketa-lan asko egindakoa da Alberdi, eta egitasmoari berebiziko garrantzia aitortu dio: «Transmisioaren etenaren atzean arrazoi asko daude, baina nagusiak bi dira: batetik, iragana ezkutatzeko interesa, eta bestetik, iraganari garrantzia kentzeko nahia, herritarrek erreferenterik izan ez dezaten. Dena den, arazoa orokorra da, ez da soilik Orion gertatzen». Iraganean, informazio iturri bakarra zegoela gogoratu du, belaunaldi batetik bestera egiten zen ahozko kontaketa. Egun, aldiz, transmisio hori galdu egin delakoan dago, eta ikerketa-lanak kaleratzen diren arren, inor gutxiren interesekoak izaten direla azpimarratu du. Udalak prestatutako errelatoak, hain zuzen, transmisio hori modu erraz eta arinean egitea du helburu.