ORIOKO KULTUR ETXEAK ORDUTEGIA ARAUTU EGIN DU

Otsailaren 4an Orioko Kultura Batzordeak izan zuen hileroko bileran Kultur Etxeko ordutegian zenbait aldaketa egitea erabaki zen.

Azken urteotan Kultur Etxeko aretoak eta materialak hainbat lapurreta eta arazo jasan dituenez bertara hurbiltzen direnek ordutegia errespetatzea eta giltzak arduradunek soilik erabiltzea diktaminatu zen asteleheneko kultura batzordean.

Hemendik aurrera, beraz, Kultur Etxeak honako ordutegi hau izango du: Astelehenetik ostiralera goizez 9:00tatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.

Aretoren bat hartu nahiko lukeenak gutxienez ekitaldia baino bi egun lehenago 943134409 telefono zenbakira deitu beharko du edo Kultur Etxe bertatik pasa daiteke ordua hartzeko.

Erabilera bereziak
Herritarrei ahalik eta zerbitzu zabalena eskaini nahian, Kultur Etxeko arduradunak ekitaldi berezietara moldatuko dira. Eguerdian bilerak egin nahi lituzketen elkarteek hemendik aurrera Udaletxean egiteko aukera izango dute (943830346). Arratsaldez bilerak antolatu nahi dituztenek, berriz, beranduenez bilerak 19:00 hasi beharko dituzte eta gehienez 20:30ak arte egoten ahalko dira bilera gelan.