Orioko pobreziari buruzko txostena aurkeztuko du Udalak kultur etxean azaroaren 12an

2018an, Orioko pobreziari buruzko azterketa egin zuen SIADECO Ikerketa Elkarteak, Udalaren enkarguz. Pobrezia, desberdintasunak eta gizarte-bazterketa aztertu zituzten Orion. Horretarako, gaiaren inguruan Europa osoan erabili ohi diren adierazleei buruzko informazio kuantitatiboa bildu zuen, inkesten bidez. Ondoren, metodologia kualitatiboak erabili zituen informazio hori osatzeko eta herriko informatzaile kualifikatuen azalpenak eta hausnarketak jasotzeko.

Egindako lana ‘Pobrezia, desberdintasuna eta gizarte-bazterketa Orion’ izeneko txostenean jaso zuen SIADECOk eta Udaleko Gizarte Ongizate batzordeari aurkeztu zion.

Jendaurreko aurkezpena

Orain, azterketaren emaitzak jendaurrean aurkeztuko dituzte Udalak eta SIADECOk. Aurkezpen-ekitaldia azaroaren 12an izango da, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian.

Aurkezpena irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat.