Orioko Udalaren hizkuntz politika Gipuzkoako egokiena dela dio Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko udalen hizkuntz politika aztertu zuen iaz eta azterketaren emaitzak aurkeztu zituen joan den ostegunean, Donostian:

http://www.kontseilua.org/

Azterketa hori 2006. urtean egin zen aurreneko aldiz Euskal Herri osoko 66 herritan. Iazko azterketan, berriz, 113 herri neurtu dituzte.

Emaitza horien arabera, Euskal Herriko udalen artean Bermeokoa da hizkuntz politika egokiena aplikatzen duena eta bigarren, berriz, Orio. Gipuzkoakoen artean, beraz, Orioko Udala da puntu gehien lortu dituena.

Azterketa egiteko, kontuan hartu dute: Udalak erabilera-plana baduen, barruko funtzionamenduan euskara erabiltzen duen, hizkuntza irizpideak egoki aplikatzen dituen, diru-laguntza politikan euskarari garrantzia ematen dion, paisaia linguistikoa zaintzen duen, hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzen duen eta abar eta abar.

Horiek guztiak kontuan hartuta, Gipuzkoako hizkuntz politikarik onena gure herrian egiten omen da (neurtutako herrien artean, jakina, den-denak ere ez dituzte neurtu-eta; txikienak kanpoan geratu dira).

Herriz herriko emaitzak biltzen dituen txostena ikusteko:

Udalen hizkuntz politika 2010