‘Orion zer egin dezakegu hiztunak aktibatzeko?’ izango da azaroaren 26ko mahai-inguruaren gaia

Udaleko Euskara batzordeak azaroan antolatu duen ‘Euskaraz bizi-bizi’ jardunaldiari bukaera emateko, mahai-ingurua izango da azaroaren 26an, asteazkenarekin, Salatxo aretoan, 19:00etan hasita, honako gaiaren inguruan: ‘Orion zer egin dezakegu hiztunak aktibatzeko?’

Mahai-inguruan parte hartuko dute euskararen alorrean lanean dabiltzan herriko eragileek, Udaleko alderdi politikoek eta Udaleko Euskara zerbitzuak.

Xabier Sukia oriotarrak bideratuko du mahai-ingurua.

Orion zer egin?

Mahai-inguruan gai nagusi honen bueltan arituko dira parte-hartzaileak: ‘Eta Orion zer egin dezakegu euskal hiztunak aktibatzeko?’. Batez ere, aurrera begirako ikuspegia landu nahi izan du Euskara batzordeak. Planteatuko diren galderak honako hauek dira:

  • Zein dira Orion euskarak dituen ahulguneak?
  • Zein dira indarguneak?
  • Nola zabaldu hizkuntzarekiko kezka herritarren artean? Posible al da? Egin behar al da?
  • Zein arrazoi ditu oriotar euskaldunak biharko Orion euskaraz bizitzen segitu nahi izateko?
  • Euskara elkarte bat behar al da Orion? Osatuko al dugu?

Gai horiei buruz jardun nahi du Euskara batzordeak, lagun giroan. Salatxoko aretoak ematen du aukera eztabaida lasaian aritzeko, lagun artean, eta horixe da Udalak nahi lukeena, aurtengo jardunaldiari bukaera egokia emateko.