Oriotarrok Agurainen ere egingo dugu Korrika, Lautadako euskaltzaleen arnasari gurea gehitzeko

Arnasguneak dira euskararen birika. Hori da UEMAk azken aldian zabaldu nahi duen mezua eta Orioko Udalak ere mezu horixe hedatu nahi du oriotarron artean. Alegia, arnasguneetan bizi garen euskaldunok badugula erantzukizuna, baita ere, gure herritik kanpo, euskararen erabilera bultzatzen.

Mezu hori zabaltzen laguntzeko prestatu dugu ‘ZABALDU ARNASA KORRIKA. Oriotik Agurainera’ ekimena, AEKrekin elkarlanean. Lautadako Korrikazaleei proposatu genien eta haiek ere pozik hartu dute ideia.

Ekimena ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan antolatu dugu, ‘Orioko Curriculuma’ elkarteko lagunekin batera.

Zer da ZABALDU ARNASA KORRIKA?

Orioko euskahaldunak gogo handiarekin geunden aurtengo Korrika iristeko; aurtengo Korrika bitan ospatuko genuela erabaki baikenuen: herrian bertan, beti bezala, eta horrez gain, Euskal Herriko beste lekuren batean.

Zergatik? Euskaraz bizitzea erraza eta normala da Orion. Gozamena da herrian nonahi eta noiznahi euskaraz barra-barra aritu ahal izatea; baina Orioko euskahaldunon ustez, gozamena ez ezik, ardura ere bada euskararen arnasgune izatea: birika gisa egin behar dugu lan, eta Euskal Herri osoari ekarpenen bat egiten saiatu. Gure helburua ez da bakarrik Orion euskara indartzea eta herrian euskararen geroa ziurtatzea. Iruditzen zaigu harago doala gure zeregina.

Herrian euskahaldun kontzienteak sortu nahi ditugu. Euskal hiztun izatearen kontzientzia ez ezik, arnasgune bateko hiztun izatearen kontzientzia ere baduten oriotarrak. Labur esanda, konbentzituta gaude euskararen arnasgune garen aldetik, ahalegindu behar dugula Euskal Herri osoko euskahaldunei ere arnas pixka bat ematen. Eta ideia hori zabaldu nahi dugu Korrika honetan.

Horretarako, martxoaren 22an Orion egingo dugu Korrika aurrena, eta gero, martxoaren 28an, Agurainera joango gara, oriotarron kamiseta horiak jantzita, Korrika egitera eta Lautadako euskaltzaleen arnasari gurea gehitzera, festa giroan.

Argi eta garbi daukagu zabaldu nahi dugun mezua: Euskal Herri osoko euskahaldunak, zuekin gaude arnasguneetakoak! Batu ditzagun ahalmen pertsonal eta kolektiboak, hango eta hemengo ahaleginak, noizbait Euskal Herri osoa izan dadin arnasgune euskararentzat!

Autobusa jarriko du Udalak, Agurainera joateko

Udalak dei egiten die Orioko Korrikazaleei, martxoaren 28an, larunbatarekin, Agurainera joateko goizean, hango euskaltzaleekin batera korrika egitera. Udalak jarriko du autobusa eta aldez aurretik eman behar da izena, Karela kiroldegian ala kultur etxean (3 euroren truke, kamiseta + autobusa). Izena emateko azken eguna martxoaren 26a izango da.