Maiatzaren 17a izaten da LGBTIQ-fobiaren kontrako nazioarteko eguna eta, hori dela-eta, gaia lantzen aritu dira azken egun hauetan herriko bi ikastetxeetan.
Eskualdean egun hori gogora ekartzeko ekimena Urola Kostako Berritzeguneak proposatu eta koordinatu du, aldiro biltzen den Hezkidetza Foroaren bidez. Foro horretan parte hartzen dute eskualdeko ikastetxeek eta udalek.
Ostadarraren bandera udaletxean
Orioko Udalak ostadarraren bandera jarriko du udaletxeko balkoian, eta beste horrenbeste egingo dute Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan. NAIZENA NAIZELA ONARTUA leloa darama banderak. Horrez gain, gaiari buruz hitz egingo dute bi ikastetxeetan eta ahalegina egingo dute kontu hau etxeetara ere iritsi dadin. Agerraldiak ere egingo dituzte, kolektiboari babesa adierazteko.
Azken hamarkadatan aurrerapauso handia egin du gure gizarteak aniztasun afektibo-sexualari dagokionez; baina oraindik badago zertan aurreratu. Hezkuntza-sistemak eragile aktiboa izan behar du aldaketa horretan eta horregatik erabaki dute gaia lantzea, eskualdeko udalen laguntzarekin.
LGTBIQ (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queer)
LGTBIQ mugimenduaren erreibindikazioei lotutako bi nazioarteko egun ospatzen dira gaur egun: maiatzaren 17a, LGTBIQ-fobiaren kontrako eguna, eta ekainaren 28a, LGTB Harrotasunaren Eguna. Hezkidetza Foroan erabaki zen bi egun horietako erreibindikazioak maiatzaren 17an lantzea, egun hori delako eskoletako egutegiaren barruan geratzen dena.