Ostiralean inauguratuko da udal ludoteka

Udal ludoteka martxan da dagoeneko eta, herritarren artean ezagutzera emateko, inaugurazio ekitaldia antolatu dute Udalak eta Txurrumuski elkarteak elkarlanean.

Inaugurazioa azaroaren 6an izango da, ostiralarekin, 18:30ean hasita, eta herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.

Inaugurazioan Udalaren eta Txurrumuski elkartearen ordezkariek hartuko dute parte eta, ekitaldi xume baten ondoren, pintxo batzuk jateko aukera ere izango dute bertaratzen diren guztiek. Horrez gain, instalazioak, txokoak eta ekipamendua ikusteko aukera izango dute.

Izena emateko epea zabalik

Ludoteka hasita dago zerbitzua ematen, baina oraindik zabalik dago izena emateko epea.

Ludoteka Udalaren zerbitzu bat da eta Txurrumuski elkarteak gestionatuko du, berak irabazi zuelako lehiaketa publikoa. Haur Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 4. maila arteko haurrek erabili ahal izango dute. Gune hezitzaile bat izango da, jolas librean aritzeko aukeraz gain, dinamizatutako jolas antolatuak ere eskainiko dituena.