Oteizaren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte Karkarak eta Udalak elkarlanean

Urriaren 21ean beteko dira 110 urte Jorge Oteiza jaio zela eta, hori dela-eta, Karkara Taldea kultur elkarteak eta Orioko Udalak zenbait kultur ekitaldi antolatu dituzte ‘Oteiza 110’ izeneko programaren barruan.

Gaur aurkeztu dute programa kultur etxean Karkarako eta Udaleko ordezkariek eta, ondoren, argazkia egin dute Jorge Oteizaren Pietatea eskulturaren erreplikaren azpian.

Bernardo Atxaga eta Oskar Alegriaren arteko solasaldia

Datorren asteartean, urriak 16, Jorge Oteizaren inguruko solasaldia egingo dute Arraunetxen Bernardo Atxaga idazleak eta Oskar Alegria kazetari eta zinegileak. Saioa 19:00etan hasiko da eta honako izenburua izango du: ‘Oteizarekin batetik bestera’.

bernardo18

Dokumentala eta haurren omenaldia

Urriaren 18an, ostegunarekin, ‘Oteiza: 1908-2008 y sigo’ dokumentala proiektatuko da kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.

Urriaren 19an, berriz, ostiralarekin, herriko bi eskoletako haurrek omenaldia egingo diote kantuz Jorge Oteizari Pietatearen azpian, Kale Nagusiaren hasieran.

Eskurtsioa Altzuzako Oteiza museora

Urriaren 20an, larunbatarekin, KARKARAk irteera antolatu du Altzuzako Oteiza museora. Egun osoko plana izango da: goizean bisita gidatua museoan eta, ondoren, bazkaria Iruñeko Aldapa elkartean.

Parte hartzaileak 10:00etan irtengo dira Orioko autobus geltokitik, eta 11:15ean iritsiko dira museora. Eguerdi partean Iruñera joango dira, eta hango Aldapa elkartean bazkalduko dute elkarrekin. 18:00etan abiatuko dira handik Oriora itzultzeko.

Irteeran parte hartu nahi dutenek datorren asteartea baino lehen eman behar dute izena, 943 831 527 edo 688 857 305 telefono zenbakietara hots eginda, edo karkara@karkara.com helbidera idatzita. Karkarako laguntzaileek 35 euro ordainduko dute, eta laguntzaile ez direnek 45 euro. Horrez gain, prezio bereziak daude erretiratuentzat, adin txikikoentzat eta ikasleentzat. Egun-pasako plan polita izango da eta Karkarak eta Udalak animatu egin nahi dituzte herritarrak parte hartzera.

oteizairteera18

Dantza-bertso-musika ikuskizuna plazan

‘Oteiza 110’ kultur astea borobiltzeko, igandean, urriak 21, ikuskizun berezia izango da Herriko Plazan: ‘Esku Harriak: Oteizaren (h)aria’ dantzaz, bertsoz eta musikaz osatutako emanaldia, MugMus laborategiaren eskutik.

Karkarak 30 urte

Datorren urteko ekainaren 29an beteko ditu Karkara aldizkariak 30 urte eta, hori dela-eta, ekitaldi-programa zabala antolatuko du kultur elkarteak urtean zehar. Oteizaren omenezko aste hau baliatu dute urteurreneko ekitaldiei hasiera emateko.

oteiza18