Otsailaren 27 honetan, herritarrek babesa agertu diote Mendebaldeko Saharari udaletxean

Sahararrek otsailaren 27an ospatzen dute, urtero, Saharar Errepublika aldarrikatu zuteneko urteurrena eta egun hori, nolabait, beren independentziaren aldeko eguna bilakatu da.

Otsailaren 27ko 09:30ean ekitaldia egin da Orioko udaletxean, udalbatzarraren aretoan, eta, ondoren, Mendebaldeko Sahararen bandera zintzilikatu da udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera.

Ekitaldiaren ondoren, Saharako herriaren ordezkariek eta Orioko herriaren hainbat ordezkarik tea hartu dute udalbatzarraren aretoan. Bertan izan dira Arkupe eta dendarien ordezkariak, udalekoak eta eskolakoa (ikastolakoak ezin izan du etorri).

Eskerrak emateko hitzak

Ekitaldian Mendebaldeko Sahararen ordezkariek, Ahmed Labeid buru, hartu dute hitza eta eskerrak eman dizkiete Orioko herritarrei, urte hasieran egindako janaria biltzeko kanpainari eman dioten erantzun onagatik. Jokin Urangak adierazi duenez, ia 1.500 kg janari eta material bildu da aurten eta “hori asko da Orioren tamainako herri batean”.