Parte hartzeko prozesua abiatuko du Udalak herriko ekipamenduei buruz

Udalak herriko ekipamenduei buruzko gogoeta egin nahi du herritarrekin batera eta, horretarako, parte hartzeko prozesua abiatuko du.

Prozesu horren barruan hiru bilera egingo ditu Udalak azaroan eta abenduan herriko elkarteetako ordezkariekin eta herritarrekin. Bilera horien helburua da herriak dituen ekipamenduei buruzko diagnostiko konpartitu bat osatzea eta, ondoren, herritarrek dituzten beharren eta interesen arabera, hutsunek identifikatu eta lehentasunak markatzea etorkizunean egin beharreko lanei begira.

Hiru bilera

Azaroan bi bilera egitea aurreikusten du Udalak: bata kirol, kultura eta gazteria alorreko elkarteekin; eta bestea turismo, merkataritza, hezkuntza eta osasun arlokoekin. Gero, abenduan, bilera ireki bat egingo da, parte hartu nahi duten herritar guztiei zabaldua. Azken bilera hori abenduaren 13an izango da, kultur etxean.

Parte hartzeko prozesu hau Udalak bultzatu du eta Elhuyar enpresak bideratuko du. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso du, prozesu hau bultzatzeko.

Orioko ekipamenduak

Orioko herria ondo osatuta dago ekipamenduz, tamaina bertsuko inguruko herriekin konparatuta; baina aurrekontu mugatua du horiek mantentzeko eta berriak sortzeko. Horregatik, nahitaezkoa da gogoeta egitea eta lehentasunak ondo markatzea. Horretarako egin nahi du Udalak parte hartzeko prozesu hau: jakiteko herritarren iritziz zein diren Oriori falta zaizkion ekipamenduak, aztertzeko ea bideragarriak diren eta zein epetan eta, posible den neurrian, lehentasunak markatu eta adosteko.