Plastikoak itsasoan duen eraginaz sentsibilizatzeko kanpaina Orioko Antilla hondartzan

“Hau ez da txantxa!” lelopean prestatu dute kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaus Fundazioak eta, udako hilabeteetan, gune bana jartzen ari dira Gipuzkoako hondartza guztietan, txandaka, informazioa banatzeko, tailerrak antolatzeko eta, oro har, herritarren kontzientzia astintzeko. Orion uztailaren 30etik abuztuaren 4ra jarriko dute informazio-gune hori, Antilla hondartzan.

Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatzen du “Hau ez da txantxa” kanpaina eta Emaus Fundazioko kideek kudeatzen dute. Horretarako, informazio-gune bat prestatu dute eta, aurreko urtetan bezala, hondartzaz hondartza mugitzen ari dira udako hilabeteetan: Zarautzen, Mutrikun, Hondarribian, Getarian, Zumaian, Deban, Orion eta Donostian, hurrenez hurren.

Momentu honetan Deban dago informazio-gunea eta uztailaren 30ean irekiko dute Orioko Antilla hondartzan, asteartearekin. Oriotik Donostiara joango da gero eta han bi aste egingo ditu: bat Zurriolan eta bestea Kontxan

Ordutegia

Informazio-guneak itsas garraiorako erabiltzen diren edukiontzi handien itxura du eta honako orduetan egongo da zabalik:

  • Asteartean, 11:00etatik 14:00etara.
  • Asteazkenetik igandera, 16:30etik 19:30era.

Haurrentzako tailerrak

Bi lagun izango dira informazio-gunean: bata jendea hartu eta informazioa banatzeko, eta bestea haurrekin tailerrak antolatzeko. Hiru tailer egingo dira, txikienei zuzenduta:

  • Bay Bay Bag. Erabilera bakarreko plastikoen kalteez sentsibilizatzeko.
  • Plastikoa, itsasoko espezierik arriskutsuena. Plastikoa birziklatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
  • Bilatu 10 mikroplastiko! Bilaketa-jokoa: haurrek mikroplastikoak aurkitu behar dituzte hondartzan eta gero informazioa ematen zaie plastikoaren degradazioari buruz: zenbat urte behar duen guztiz degradatzeko, arrainei zer kalte egiten dien…