Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza egiten ari den draga-lanei buruzko oharra

Azaroaren 7an, igandearekin, draga-lanak egiten hasi zen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak kontratatutako Omarsub enpresa Oriaren bokalean eta hondartza aurrean, OSTren argazkian ikusten den bezala.

Draga-lanak direla-eta, herritar batzuek kezka eta haserrea azaldu dute, draga-lanak hondartza aldean ere egiten ari direlako, bokalearen sarreran egitera mugatzeko partez.

Udalak jakinarazi nahi du itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dragatze-lanak egiteari buruz erabakitzea ez dela bere eskumena, baizik-eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarena. Nolanahi ere, Udalak bat egiten du herritarrek azaldutako kezkarekin eta dagoeneko harremanetan dago bai Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin eta bai Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialarekin, gaia ahalik eta egokien bideratzeko.

Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialak esan du Portu Zuzendaritzari baimena eman diola bokalearen hondartza aldean ere draga-lanak egiteko, betiere hortik ateratako hondarra ez badu kanpora eramaten eta berriro Orioko hondartza-sistemari itzultzen badio.

Udalak gertuko segimendua egingo dio gaiari.

domeinua21