Puntu morea agerian jartzeko eskatu die Udalak dendari eta tabernariei, indarkeria matxistaren kontra azaltzeko

Udalak, otsailaren 26an egindako udalbatzarrean indarkeria matxistaren kontrako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez, eta dei egin die dendari, profesional eta tabernariei asteburu honetan puntu morea agerian jartzeko eta, horrela, beren atxikimendua adierazeko.

 

Puntu morea agerian jartzeko proposamena

Berez, martxoaren  8ko borroka feminista gogora ekartzeko adierazpena zen onartzekoa; baina joan den asteburuan Orion izandako ustezko genero-indarkeria kasua dela-eta, Udalak baliatu nahi izan du herriko dendari, profesional eta tabernariei honako eskaria egiteko: datorren asteburuan, otsailaren 27tik martxoaren 1era, jar dezatela beren establezimenduan, ageriko toki batean, Udalak banatu dien PUNTU MOREA, indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiarekiko sentiberatasuna zabaltzen laguntzeko.

Aurrerantzean, puntu morearen erabilera bultzatu nahi du Udalak, protesta-ikur gisa, indarkeria matxista kasuren bat dagoen bakoitzean.

Adierazpen instituzionalaren testua

Udalbatzarrak onartutako mozioak honela dio, hitzez hitz:

Urtero-urtero, martxoaren 8an borroka feminista eguneratzen dugu. Emakumeok bizitzaren eta gorputzaren jabe izatea lortu behar dugu, bizimodu duina izateko eta sendotasun ekonomikoa eta soziala lortzeko. Emakumeak, edonon egonda ere, subjektu politiko eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragile izan behar du.
Horretarako, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea. Ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro gaitzetsi egingo dugula.
Orioko Udalak honako lehentasunak markatu nahi ditu:
1. Berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
2. Programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
3. Emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.
4. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.
Azken puntu horri lotuta, Orioko Udalak salatu egin nahi du pasa den igandean, otsailak 22, herrian gertatu zen ustezko genero indarkeria kasua: 29 urteko gazte bat atxilotu zuten Orion, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean dagoen bikotekidea jo zuelakoan. Orioko Udalak, gertakaria gaitzesteaz gain, babesa eskaintzen dio biktimari. Horrez gain, elkartasuna adierazteko, honako eskaera egiten die Orioko dendari, profesional eta tabernariei: datorren asteburuan, otsailaren 27tik martxoaren 1a bitartean, jar dezatela beren establezimenduan, ageriko toki batean, Udalak banatuko dien PUNTU MOREA, indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiarekiko sentiberatasuna zabaltzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Atentzio Zerbitzua

Eusko Jaurlaritzak 900 840 111 Telefono bidezko Atentzio Zerbitzua eskaintzen die edonolako genero-indarkeria jasaten duten emakumeei eta beren senideei, adiskideei eta profesionalei, kasu zehatzen bat ezagutzen dutenean edo, oro har, laguntzarako jarraibide onenak zein diren jakin nahi dutenean eta atenditzeko eta/edo esku hartzeko prestatzen ari direnean.

Bertan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan atendituko zaitu genero-indarkeriarekin lotutako zenbait arlotako prestakuntza eta esperientzia dituzten profesionalen taldeak. Horrez gain, genero-indarkeriako biktima zuzenekin eta zeharkakoekin, inguruko beste pertsona batzuekin eta inguruneko profesionalekin garatutako jarduketa zuzenean ere badute prestakuntza berezirik.

Zerbitzu hau 55 hizkuntzatan ematen da, eta entzuteko desgaitasuna dutenentzako Atentzio Zerbitzu Egiaztatua eskaintzen du. Telefono honetara egiten diren deiak ez dira telefono fakturan azaltzen.