Sanikolasetan euskaraz, bizi-bizi

Udaleko Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festetako batzordeak toki zentrala eman nahi izan dio euskarari aurtengo San Nikolas jaietan.

Hori dela-eta, Udalak eskatu die herriko tabernariei ahalegin horretan laguntzeko, festatan euskal musika jarriz. Horren osagarri, euskarari buruzko olerkiak eta bertsoak banatu ditu tabernarien  artean, koloretan inprimatuak eta plastifikatuak, jendearen bistan jar ditzaten eskatuz.

‘Euskaraz bizi-bizi’ festibala

Horrez gain, Udalak aurten martxan jarri duen ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan, ekitaldia antolatu du Herriko Plazan abenduaren 7an, arratsaldean, jai-giroan egiteko euskara sustatzearen aldeko aldarrikapena.

Ekitaldian, besteak beste, udazkenean Euskara batzordeak grabatu duen bideoa aurkeztuko da. Elementu ugari izango ditu festibalak: pailazoak, bertsolariak, Anje Duhalde kantaria, musika eskolako haurrak, Plataforma per la llenguako kideak, Els Vinadels talde katalana. Xabier Sukia bertsolari oriotarrak aurkeztuko du saioa.

‘Euskaraz bizi-bizi’ hizkuntza-kontzientziazioan eragiteko egitasmo bat da, Udalak aurten abiatu duena eta datozen urteotan ere segida izango duena.