Udal Elkarteak bere baliabide guztiak bideratu ditu eskualdeko eragileei babesa eta laguntza emateko bizi dugun krisi-egoeran. Besteak beste, Open Lab Urola Kosta laborategiak bat egin zuen Covid Euskadi sarearekin, 3D inprimagailuen bidez biserak egin eta osasun-langileak babesteko.
Egin dituzten lanen artean daude eskualdeko saregileentzat prestatu dituzten babeserako biserak. Aste honetan hasi dute arrantzaleek antxoa kanpaina eta, sareak prest izateko, saregileek ez dute lan-etenik izan. Saregileen segurtasuna bermatzeko, biserak egin ditu Udal Elkarteak.
Egindako lehen biserak dagoeneko iritsi dira Orioko saregileengana, argazkian ikusten den bezala, eta, lanerako erosoak zaizkiela ikusita, Udal Elkarteak gehiago egingo ditu Getariako eta baita Hondarribiko saregileentzat ere. Aurrera begira, asmoa da, Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartearen bitartez, sarea zabaldu eta Bizkaiko saregileentzako ere bisera gehiago egitea.
Open Lab gunea itxita dago orain herritarrentzat, baina Udal Elkarteko 3D inprimagailuak martxan daude, langileak babesteko ekipamenduak sortzeko.
Etxean 3D inprimagailua duen edozein herritarrek hartu dezake parte auzolan-ekimenean. Interesa izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
- Open Lab Urola Kosta
- Iñaki Etxaide
- openlab@urolakosta.eus
- 943 89 08 08