Dagoeneko bi hilabete pasatu dira hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zenetik eta Urola Kostako Udal Elkarteak kanpaina bat abiatu du, hondakin-bilketari buruzko zalantzak argitzeko eta herritarrek gehiago birziklatu dezaten bultzatzeko.
Sentsibilizazio-kanpaina hori Urola Kostako herri guztietan egingo da apirila eta maiatza artean.
Ingurumeneko hezitzaileak kalean apirilaren 30etik maiatzaren 7ra
Kanpainaren barruan, ingurumeneko hezitzaileak ibiliko dira kalean hainbat egunetan, jendeari erakusten nola birziklatu behar diren hondakinak. Hezitzaile horiek herriko birziklatze-guneetan izango dira herritarren zalantzak ‘in situ’ argitzen eta hobeto birziklatzeko aholkuak ematen.
Hezitzaileak txandaka ibiliko dira eskualdeko herri guztietan, eta apirilaren 30etik maiatzaren 7ra bitartean, biak barne, izango dira Orion, goizez eta arratsaldez, honako orduetan: 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Tailerra jubilatuentzat datorren asteazkenean
Kanpainaren barruan tailerra emango zaie herriko jubilatuei kultur etxean apirilaren 25ean, asteazkenarekin, 18:00etan hasita. Bertan jubilatuek aukera izango dute beren zalantzak agertzeko, egin litezkeen hobekuntzak planteatzeko eta informazio osagarria jasotzeko.
Tailerrak bi orduko iraupena izango du.
Txartelei buruzko oharra
Urola Kostako Udal Elkarteak txartelak banatu ditu herritarren artean, errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko. Herritar batzuek zulatu egiten dituzte txartel horiek, gero nonbaitetik zintzilikatzeko; baina Udal Elkarteak jakinarazi nahi du txartel horiek ez direla inolaz ere zulatu behar, zulatuz gero ez dutelako funtzionatzen.