Udalak bilera egin zuen atzo, ostirala, herriko tabernarien ordezkariekin eta han hitz egindakoa konpartitu nahi du herritarrekin eta tabernari guztiekin.
Udala eta tabernariak kezkatuta daude datorren igandean, Kontxako estropada dela eta, herrian sortu daitezkeen arrisku-egoerengatik. Aurreko igandean ere izan ziren jokaera desegokiak zenbait tabernatan eta ez dute nahi oraingo honetan errepikatzea.
Udalak, bere aldetik, dagozkion neurriak hartu ditu, igandean arazorik ez izateko eta dei egin die herritarrei, zentzuz eta arduraz jokatzeko. Tabernariei ere gauza bera eskatu nahi die: zentzuna eta ardura.
Hori dela eta, herriko tabernariei gogorarazten die nahitaez bete behar dituzuela COVID-19a dela eta indarrean dauden neurriak:
- Bai terrazatan eta bai barruko mahaitan, gehienez ere, 10 laguneko taldeak eseriko dira elkarrekin.
- Galarazita dago tente kontsumitzea bai tabernaren barruan eta bai kanpoan. Tabernan eskatutakoa BETI eserita kontsumitu behar da.
- Segurtasuneko distantziak zaindu behar dira mahaitik mahaira: gutxienez 1,5 metro egon behar du mahai bateko bezeroaren eta hurrengo mahaikoaren artean.
- Bezeroek eta tabernariek maskara jantzita eraman behar dute. Bezeroek bakar-bakarrik kontsumitzeko kenduko dute maskara; eta, kontsumitutakoan, berriro jantzi.
- Taberna ixteko ordutegia zorrotz bete behar da.
Guztion segurtasunerako, derrigor bete beharrekoak dira arau hauek. Guztion ardura da; zaindu dezagun elkar.