Saneamendu-sarea berritzeko Kofradia inguruan egiten ari diren obren konplexutasunaren ondorioz, lanak hasieran uste baino gehiago luzatuko dira. Hori dela eta, Kaia kaleak trafikoari itxita segituko du beste zenbait egunetan. Bitartean, ibilgailuek, joan den astean bezala, Txankako bidea hartu beharko dute herritik ateratzeko.
Obra garrantzizkoa
Kofradiaren eraikina zein Leundanekoa eraitsi dituzten honetan, saneamendu-sareak azken hamarkadetan izandako arazoei behin betiko konponbidea ematen ari zaie Gipuzkoako Ur Kontsorzioa. Horretarako, sei metroko sakoneran hondoratu dituzte hodiak, eta mareen arabera ari dira lanean, segurtasun-neurri zorrotzekin.
Hondakin-gunea, tokiz aldatuta
Moilako irteera itxita dagoen bitartean, Bizkarreneko etxearen atzeko hondakin-gunea ez erabiltzeko eskatu die Udalak herritarrei. Beren betiko txartel magnetikoa erabiliz, Antilla aurreko plazatxoan egokitu den gunean utzi beharko dituzte hondakinak.