Txotxongilo emanaldia izango da asteazken arratsaldean herriko plazan

Orioko Udalak martxan jarri duen Udara Orion ekitaldi programaren barruan txotxongilo emanaldia izango da asteazkenean, abuztuak 11, arratsaldeko zazpi eta erdietan hasita. Emanaldia herriko plazan izango da.

Ibaitxu, Burdinaren Lamia da Bihar izeneko talde bizkaitarrak eskainiko duen obraren izenburua. Egokia da 5 urtetik aurrerako haurrentzat eta 50 minutu inguru iraungo du.

Bihar txotxongilo taldeak 25 urte bete ditu aurten eta Orion eskainiko duen obra horrekin ospatu nahi izan dute urteurrena. Gure kostaldean bizi den Ibaitxu izeneko lamia baten historia kontatzen du. Ibaitxu pozik bizi da itsasadar batean, bertara burdinaren industria iristen den arte. Orduan, bere bizilekua guztiz zikindu eta desitxuratuko da, eta horri aurre egin beharko dio euskal mitologiako hainbat pertsonaiaren laguntzaz.