Eguraldi ona aprobetxatuta, inbertsio eta txukunketa lan dezente egin ditu Orioko Udalak. Uztailean, abuztuan eta irailean lan mordoxka bat aurreratu da. Batzuk nabarmenak: Karela kiroldegian gimnasioa handitu eta berritu da, txukunketa lanak egiteaz gain; plaza ixten denean Goiko Kaleko sarrera mugatzen duen semaforoa jarri da, bizilagunen segurtasuna eta Goiko Kalea babesteko; eta hilerrian egiten ari dira berritze lan gehiago… Aipatutako hobekuntza horiek guztiak xehetuko ditugu aurki, erabat amaitzen direnean.
Baina, horiez gain, badira Udaleko brigadak gauzatzen dituen berritze lan txikiak, eta horietako asko egin ditu Udalak uda honetan:
- Herriko banku, baranda eta kaleko altzariak margotu egin dira.
- Dikeko parkean adinekoek kirola egiteko aparatuak konpondu egin dira.
- Herriko Plazako lurra berritu da, eta erdi askatuta zeuden galtzarriak itsatsi.
- Iturbide kalean barandak jarri dira, bizilagunek hala eskatuta. Zenbait auzotarrek egin zuten eskaria, malda errazago igo eta jaisteko.
- Gaztetxean koadro elektrikoa jarri da.
- Pilliku plazan aspaldi kendu ziren lorontziak eta bankuak berreskuratu dira. Auzotarrek plazaz gozatzeko aukera izango dute horrela. Orioko Udalaren lehentasuna baita Goiko Kalen ere oinezkoek lehentasun osoa izatea.
Ohiko lanak egiteaz gain, herriko brigadak Kilometroak jaia behar bezala gauzatzeko azpiegitura lanetan lagunduko du datozen bi asteetan. Bestalde, datorren hilean hasiko da lanean Udalaren bost eraikinen mantentzeaz arduratuko den langilea. Lan eskaintza publikoaren emaitzak publiko dira jada eta aukeratutako langileak Zaragueta Herri Eskolaren, Danbolin Musika Eskolaren, Azurza Etxearen, Kultur Etxearen eta Maria Maestra haurreskolaren mantentzearen ardura izango du.