Nahi baino gehiagotan gertatzen da enpresa edo negozio txikiren bat ixtea, jabea erretiratu egiten delako eta segidarik ematen ez zaiolako. Hori ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresentzako Zerbitzuak ekimen berria abiatuko du, ondorengotzari buruzko prestakuntza eta banakako aholkularitza eskaintzeko epe motz-ertainean egoera horretan gerta daitezkeen eskualdeko negozio jabeei. Ekimenaren bidez, eskualdeko enpresa eta negozio bideragarriak ixtea ekidin nahi du Udal Elkarteak, horrek eragingo lukeen aberastasun- eta enplegu-galera saihesteko.
Ekimenaren helburu nagusia da eskualdeko enpresei negozioen ondorengotzari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea:
- Erretiroari dagokion Araudia ezagutzea: erretiro adina, kotizazioak, prestazioak, erretiro aktiboa eta aurre-erretiroa.
- Ondorengotza kasuetan kontuan hartu beharreko alderdiak ezagutzea.
- Ondorengotza-prozesuak aurrez behar bezala planifikatzeko, kontuan hartu beharreko ezagutzetan sakontzea.
Bi prestakuntza-saio, hasteko
Ekimena bi talde-prestakuntza saiorekin abiatuko da:
- Urtarrilak 29, asteazkena. 09:30 – 12:30
- Otsailak 5, asteazkena. 09:30 – 13:30
Prestakuntza-saioen ondoren, banakako tutoretza-saioak egingo dira, bi fasetan. Lehendabizi, enpresen diagnostiko laburra landuko da, enpresa bakoitzaren ondorengotza-aukerak aztertzeko. Azkenik, lanketa horietatik abiatuta eta banakako aholkularitza bidez, banan-banan ondorengo alderdiak jorratuko dira:
- Enpresaren balorazio ekonomikoa
- Enpresaren azterketa juridikoa
- Ondorengotzari buruzko gomendioa
Ekimenean eskualdeko enpresa txikien (0-10 langile) jabeek, edota eskualdatze-prozesuren batean murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileek parte hartu ahal izango dute.
Argibideak eta izen-ematea
Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
- Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun, Aintzane Ruesgas)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808