Udal Elkarteak kanpaina abiatu du, hondakinak biltzeko sistema berria ezagutarazteko

Kanpainaren aurkezpena urriaren 27an egin da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Hondakinak biltzeko sistema berria udal elkarteko bost herrietan aplikatuko da (Orio, Aia, Zarautz, Getaria eta Zumaian), 2018ko otsailetik aurrera. Nabarmentzekoa da Udal Elkartean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek babesten dutela sistema berri hori, aurkezpenean agerian geratu den bezala.

Hondakinak biltzeko sistema berriaren helburua birziklatze-tasa igotzea da, gaur egungo %40tik %75era. Horretarako, eskualdeko familia guztiek txartel magnetiko bana jasoko dute, errefusa eta organikoa sailkatu ahal izateko.

Komunikazio-kanpaina egingo du Udal Elkarteak

Sistema berria ezagutzera emateko eta jendea birziklatzera animatzeko, kanpaina bat abiatuko du Udal Elkarteak, BAGOAZZ izenpean. Kanpaina hori aurkezteko, agerraldia egin dute Zarautzen Igor Iturain, Urola Kosta Udal Elkarteko presidenteak eta alderdietako ordezkariek: Jesus Arana (EAJ), Alex Oliden (EH Bildu), Patxi Elola (PSE-EE) eta Ana De Benito (Irabazi).

BAGOAZZ marka

Sentsibilizazio kanpainarako BAGOAZZ marka sortu du Udal Elkarteak. BAGOAZZ terminoak bailara osatzen duten herri guztiei egiten die erreferentzia: Getaria, Orio, Aia, Zarautz eta Zumaia; guztiak bide berean elkartzeko deiaren erakusle da eta, horretarako, norabide bakarra adierazten duen koloretako geziak irudikatzen du. Bost herrietako kolorez osatutako gezia da: marroia (Getaria), horia (Orio), berdea (Aia), urdina (Zarautz) eta gorria (Zumaia). Era berean, hondakinak biltzeko tasa areagotzeko aukera bakarra guztiok norabide berean joatea dela adierazten du. Horixe egin dute, hain zuzen, Udal Elkarteak eta Udal Elkarteko bost herriek ingurumenaren, herritarren eta udalerrien mesedetan.

Sentsibilizazio kanpaina “modernizatu” lelopean jarri da martxan, nolabait adierazteko birziklatzea dela gaur egun egin behar dena eta hori ez egitea, berriz, beste garai bateko jarrera dela, gainditu beharrekoa.

Karteletan pertsonek hartu dute protagonismoa. Pertsona horiek herritarrei modernizatzeko deia egiten diete, hondakinak egoki sailkatzera bultzatuta. Karteletako protagonistak modernizatu dira, BAGOAZZ markarekin bat egin dute eta hori irudikatzen dute soinean daramatzaten BAGOAZZ markaren koloreko betaurrekoek, ileak edota makillajeak.

Sistema berria

Prentsa aurreko agerraldian Igor Iturainek adierazi du “Gipuzkoako beste eskualde aurreratuenen pare edo aurrerago jarri nahi dugu birziklatzeari dagokionez, badaukagulako horretarako gaitasuna”.

Orain dela 6 urte inguru eskualdeko herrietan eragile eta herritarrekin hasitako eztabaidaren lan eta akordio nagusiak oinarri hartuta, 2016ko abenduaren 1ean, Udal Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen zabor bilketa mankomunatzeko akordioa, alderdi politiko guztien babesarekin (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain). “Akordioa alderdi guztien esfortzu eta saiakera handi baten ondorioz lortu zen, herritarrentzat eta, batez ere, ingurumenarentzat ahalik eta sistema egokiena izan daitekeena adostu eta martxan jartzeko pauso garrantzitsua emanaz”, nabarmendu du Iturainek.

Txartel magnetikoa, organikorako eta errefusarako

Zabor bilketa mankomunatzeak bilketa sistema berria dakar. Batetik, herritarrek txartel bat izango dute, hondakin organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko, eta eguneko 24 ordutan erabiltzeko aukera izango dute.

Bestetik, sortzaile handi diren komertzio eta ostalariei gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie, puntuz puntu, frakzio hauek jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioei astean sei egunez eskainiko zaie zerbitzua, eta ostalariei, zazpi egunez.

Enpresa handien kasuan, berriz, frakzio hauek bilduko zaizkie: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresen kasuan, organikoa puntuz puntu jasoko zaie.

Azkenik, landa eremuari dagokionez, ekarpen gune berriak sortuko direla aurreratu dute eta eremu bakoitza edukiontzi guztiekin hornituko da.

Abantailak eta helburuak

Sistema berriak zenbait abantaila ekarriko ditu: “Zabor bilketa osorik mankomunatzearekin batera baliabideak optimizatu egingo dira eta zerbitzu bera eskainiko da eskualde osoan; hondakinak gaika sailkatzeko indizea igotzea ahalbideratuko du; errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztu egingo dira; herritarrek 24 orduz eskura izango dituzte edukiontzi guztiak; merkatari, ostalari eta enpresek zerbitzu hobea jasoko dute; eta landa eremuan birziklatzeko aukerak biderkatu egingo dira”.

Zerbitzu berriak erraztasunak emango ditu eta erraztasun horiei esker, eta herritarren inplikazioarekin, birziklatze tasa handitu nahi du Udal Elkarteak. “Helburuak argiak dira: gaur egungo % 40ko birziklatze tasatik 2020an % 75eko tasara iristea”.

Faseak

Lau fase izango ditu zabor bilketa sistema berriaren ezarpenak: sentsibilizazioa: orain hasi eta abenduaren 1a bitartean; informazioa: abenduaren 1etik urtarrilaren 22ra; ezarpena: urtarrilaren 22tik otsailaren 1era arte; eta azkenik, jarraipen fasea: otsailaren 1etik aurrera.

Bilketa-zerbitzu berria otsailaren 1etik aurrera jarriko da martxan eta FCC-Zerbitzu enpresek osatutako UTE-ak egingo du.

bagoazzmodernizatubat17