Udala hasi da dagoeneko lur azpiko edukiontziak egokitzen

Hondakinak biltzeko sistema berriaren ondorioz, lur azpiko edukiontziak egokitu behar ditu Udalak eta dagoeneko ari da lan horretan. Aste honetan bertan egokitu ditu Niko aurrekoak eta Ikastolako DBHko eraikinaren aurrekoak.

Lehengo lur azpiko edukiontziak estuagoak ziren eta espazio berean bost edukiontzi sartzen ziren (organikoa, errefusa, ontziak, paperak eta beira). Oraingoak zabalagoak direnez, lau bakarrik sartzen dira espazio berean eta, beraz, Udalak erabaki du, gertu dauden guneetan, beirarena eta paperaren edukiontziak ez dituela gune guztietan jarriko, baizik-eta batean bai eta ondokoan ez. Esate baterako, ikastolaren aurreko gunean jarri da paperaren edukiontzia, han gehiago erabiliko delakoan; eta Niko ondokoan instalatu da beirarena. Bi guneak nahiko gertu daudenez elkarrengandik, Udalak uste du ez dela eragozpen handirik sortuko erabiltzaileentzat.

Irailetik aurrera segituko du Udalak edukiontziak egokitzeko lanean eta espero du urtea bukatzerako gune guztiak egokituta eta martxan izatea.