Udalbatzarrak EUSKARALDIArekin bat egitea eta sustatzaile izatea erabaki zuen ekaineko bilkuran

Aho batez hartu zuen erabakia udalbatzarrak, alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Beraz, zinegotzi guztiak agertu dira prest EUSKARALDIA bultzatzeko eta, era batera edo bestera, ekimenean parte hartzeko.
Udalak onartutako adierazpenaren proposamena Gipuzkoako Foru Aldunditik etorri da eta Gipuzkoako herri gehienetan onartuko da. Urola Kostako Udal Elkarteak ere ekainean onartu zuen adierazpena.

Hau da, hitzez hitz, Udalak onartutako adierazpenaren testua:

EUSKARALDIA UDAL BARRUAN SUSTATZEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Gipuzkoan bi hizkuntza ditugu ofizialak: euskara eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, bi hizkuntzok ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta gizartean ere: gaztelania da nagusi. Uste dugu orain arteko ahaleginarekin bakarrik ez direla bi hizkuntzak parekatuko, indar gehiago jarri behar dugula hizkuntza berdintasuna bultzatzeko; euskara lehenetsi behar dugula, alegia. Izan ere, gizarte-, genero- eta hizkuntza-berdintasuna lortzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen erronketako bat, eta, horrenbestez, horretara bideratutako urratsak egitea behar beharrezkoa da.

Ildo horretatik, guztion elkarlanari esker, euskararen normalizazio-prozesuak azken hamarkadetan egin duen ibilbidea oparoa izan da eta emaitza begi bistakoa; egindako bidea ez da makala, baina, prozesu guztietan bezala, baditu pozik egoteko eta kezkatzeko arrazoiak.

2016. urtean egindako VI. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, ezagutza datuek nabarmen egin dute gora azken hamarraldietan, baina erabilerak ez du neurri berean gora egin; izan ere, Gipuzkoan bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 57,4 euskalduna da eta biztanleen % 73,3k euskara ulertzen du. Erabilera-datuek, aldiz, diote Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen % 39,5ek hitz egiten duela euskaraz.

Orion, biztanleriaren % 76,68 euskalduna da eta % 85,85ak euskara ulertzen du. Erabilera, aldiz, % 63koa da.

Datuek adierazten digute euskararen normalizazio-prozesua inflexio puntuan dagoela, alegia, fase baten amaieran eta beste berri baten atarian gaudela. Fase berri horretan, argia erabileran jarri beharra agerikoa da, beraz.

Eta horretarako, euskararen ulermenari ez diogu behar besteko baliorik eman; izan ere, erabileraren korapiloa askatzeko gako nagusi bat ulermenean dago. Alegia, euskararen ulermena balioan jarriz gero, eta ulermena erabat zabalduz gero, euskararentzat eta gipuzkoarrontzat erabilerarako eremu zabal eta emankorra zabalduko dugu. Izan ere, Gipuzkoako udalerri gehien-gehienetan ulermena %80tik gorakoa da, eta gainerakoetan biztanleen % 60tik gora ulertzen du euskara.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dugu Euskaraldia ekimena, baita gure udalerrian ere, eta ekimen hori garatzeko batzordea osatu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara eta 11 egunez helduen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita.

Bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak.

Ahobiziak izango dira 11 egun horietan euskarari eutsiko diotenak solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, berriz, solaskideak gonbidatuko dituzte berarekin euskaraz aritzera, nahiz eta Belarriprestak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua da, besteak beste, ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Euskaraldia Gipuzkoako Foru Aldundian eta Udaletxeetan

EAEko euskararen erabilera normalizatzeko V. Plangintzaldiak honako datu hauek jasotzen ditu, amaierako ebaluazio-txostenean:

  • Gipuzkoako ordezkari politikoen % 90,4 gai da euskara ulertzeko eta % 86,8 euskaraz hitz egiteko.
  • Gipuzkoako langile publikoen % 86,8k ongi edo oso ongi hitz egiten du euskaraz.

Aipatutako datuak eta Gipuzkoako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, erabileran eragiteko baldintza egokiak ditugu Gipuzkoan. Euskaraldia, berriz, aukera egokia dugu Gipuzkoako erakunde publikoek, eta, beraz, arduradun politikoek dagokigun erantzukizuna geure gain hartzeko eta eredugarritasunez jokatzeko, erabileran urrats berriak egite aldera.

Horregatik guztiagatik, honako hau aurkezten dugu:

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Orioko Udalak honakoa adierazi nahi du:

  • Orioko Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok, gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Orioko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Orioko Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Orioko Udalak, bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.