Miren Gozategi fisioterapeuta oriotarra harremanetan dago Madrilgo MEDIZEN Fisioterapia eta Akupuntura zentroarekin, han ikasten ari delako, eta harreman horretatik sortu zen dohaintzaren ideia. MEDIZEN zentroak, bere aldetik, harremana du Taiwango Qing Culture and Art Foundation erakundearekin eta hark egin ditu maskarak, orain Orioko Udalak dohaintzan jaso dituenak.
Tela bereziz egindako maskara zuri batzuk dira, irudian ikusten direnak, erabili eta hogeita hamar aldiz garbitu daitezkeenak eta babes ona ematen dutenak.
Udalak 200 maskara jaso ditu eta Gizarte Zerbitzuen bidez banatuko ditu. Anuska Esnal alkateak eskerrak eman dizkie dohaintza hau gauzatzeko lan egin duten guztiei.