Aurtengoa egitasmoaren 11. edizioa izango da eta inoiz baino herri gehiagotan egingo da: 52 herritan, guztira. Lehenbiziko aldiz, gainera, Euskal Herriko bi hiriburutan ere egingo da ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa: Gasteizen eta Iruñean. Orion laugarren aldia izango da antolatzen dela. Urtero bezala, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, udalekin eta herrietako liburu-dendekin elkar lanean.
Martxotik maiatzera
Martxotik maiatzera bitartean egingo da aurtengo ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoa.
Herritarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea bultzatzen du kanpainak. Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera zabala dute bai haurrek eta bai helduek eta, kanpainaren bidez, oriotarrak bultzatu nahi ditu Udalak, euskarazko liburu horiek irakurri eta gozatzera.
Horrez gain, kanpainak beste bi helburu ere baditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.
Egitasmoaren azalpena egiten duen bideo bat prestatu du Topaguneak eta hemen ikus daiteke:
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu 2017’ egitasmoaren azalpen-bideoa
Horrez gain, Euskaltzaleen Topaguneak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrari 50 libururen gomendioa egiten duen zerrenda eskatu dio eta programan parte hartuko duten guztien eskura jarri du, zein liburu irakurri erabakitzeko lagungarri izateko:
Patxi Zubizarreta idazlearen gomendio-zerrenda (PDF)
Hiru pauso: irakurri, gozatu eta oparitu
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duzun. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko.
Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo nork bere buruari.
Egitasmoa maiatzaren 31n bukatuko da, baina erosketa-txekeak liburu-dendan erabiltzeko epea ekainaren 10a artekoa izango da.
52 herritan egingo da egitasmoa Hego Euskal Herrian
Araban: Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.
Bizkaian: Atxondo, Dima, Ermua, Getxo, Igorre, Lekeitio, Mañaria, Muskiz, Sopela, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Zamudio.
Gipuzkoan: Beasain, Eskoriatza, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Orio, Soraluze, Villabona, Zaldibia.
Nafarroan: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Larraintzar, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Doneztebe, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Iruñea, Leitza, Lizarra, Olazti, Uharte, Zizur Nagusia.
Liburu-denda laguntzaileak
Liburuak saltzen dituzten hiru denda daude Orion eta hirurek hartuko dute parte kanpainan: Ontza liburu denda, Iturain estankoa eta Mauka paper denda.