Udalak bat egin du euskararen kontrako erasoak salatzeko otsailaren 28an Donostian egingo den manifestazioarekin

Orioko Udalak aho batez onartu zuen otsailaren 26ko udalbatzarrean UEMAk aurkeztutako mozioa, Donostian larunbat honetan egingo den manifestaziorekin bat egiten duena.

 

Mozioaren testua

Udalbatzarrak onartutako mozioak honela dio, hitzez hitz:

Espainiako Gobernuaren ordezkaria udalen jardunean gauzatzen ari den esku-hartzeak bete-betean harrapatu gaitu UEMA eta bertako udalak. Kontratazioetako hizkuntza irizpideak, diru-laguntzetarako hizkuntza irizpideak, aktak euskaraz bidaltzea edota udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak susmopean jarri dituzte. Bi udalek UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko hartutako erabakiaren aurka ere jo du Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Horrela, udalen eguneroko jarduna eta udalok euskara sustatzeko egiten ari garen lana baldintzatzen dute. Administrazio publikoak hainbat zerbitzu erdara hutsean eskaintzen dituen bitartean, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko prestatuta gauden udalak dira susmopean jarri nahi izan dituztenak.

Egoera larria da. Euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan ipintzen. Teorian euskara zein gaztelania hizkuntza ofizialak dira Euskal Erkidego Autonomoan. Baina, praktikan euskarak, erdara erabili ezean, ez duela balio ofizialik esaten digute errekerimendu eta helegiteen bitartez.

Egoera honen aurrean Orioko Udalak adierazi nahi du:

  • Orioko Udalak euskara sustatzeko egiten ari den ahalegina berretsi nahi du. Euskararen bidea beste eragile eta instituzioekin elkarlanean garatzeko konpromisoa adierazi nahi du.
  • Gure herria berezia da hizkuntzaren ikuspegitik. Horregatik, udalerri euskaldunak, euskararen arnasguneak indartzeko, politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko gara; hizkuntza politika euskara sailetik harago eraman, eta euskararen arnasguneak duten garrantzia aintzat hartuta, politika orokorraren erdigunean kokatzen saiatuz.
  • Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak udalen jardunean eta bereziki euskara sustatzeko neurrien aurka izandako esku hartzea salatu nahi dugu. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren figura eta lana bertan behera uzteko eskatzen dugu.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu euskara sustatzeko ahaleginean ari garen udalerri euskaldunetako Udalak babestu ditzan.
  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, euskaldunoi ezartzen zaizkigun oztopoak salatu eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko, otsailaren 28an, 17:30ean, Donostiako Gipuzkoa Plazatik abiatuta egingo den Manifestazioarekin bat egin nahi du Orioko Udalak. Herritarrei dei egin nahi diegu mobilizazioan parte hartzeko.