Saharar errepublika aldarrikatu zeneko urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia egin da udaletxean

Gaurko egunez, ekitaldia egin da udaletxean, Saharar errepublika aldarrikatu zeneko urteurrena gogora ekartzeko. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Orioko GueraraOrio elkarteko Ahmed Labeidek, Beñat Solaberrieta alkateak eta Miriam Uranga gizarte-ongizateko zinegotziak. Horrez gain, bertan izan dira, baita ere, Euskal Fondoa elkarteko ordezkari bat eta Zumaiako Sahararen aldeko elkarteko bi kide, beste hainbat lagunekin batera.

Ekitaldia udalbatzarraren aretoan egin da, 11:00etan hasita. Ondoren, Mendebaldeko Sahararen bandera eta ikurrina zintzilikatu dituzte udaletxeko balkoian.

Saharar errepublikaren eguna

GueraraOrio elkarteko Ahmed Labeinek euskaraz irakurri du ondoko testua, ekitaldiaren zergatia azaltzeko:

Gueraraorio elkartearen izenean, ongietorria eman nahi dizuet etorri zareten guztioi. Dakizuen bezala, Saharar errepublika aldarrikatu zeneko urteurrena ospatzen dugu gaur eta egokiera hau aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko Orioko Udalari eta udal langileei ekintza hau antolatzeko eman diguten laguntzagatik. Otsailaren 27a oso egun garrantzizkoa da guretzat eta pozgarria da ospatu ahal izatea zuen laguntza solidarioarekin.

Saharako herriak 1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zuen Saharar errepublika Bir Lehlu herrian, Nazio Batuen 1514 ebazpenean oinarrituta. Egun hartan, Espainiako azken soldaduak azken kolonia europarra utzi zuenean, saharar herriak bere egin zuen Nazio Batuen karta, gizakiaren duintasuna eta balioa aintzakotzat hartzen dituena. Urte hartan, Espainiak utzitako hutsune juridikoa baliatuz, Marokok eta Mauritaniak gure lurraldea hartu nahi izan zuten berentzat, saharar herriarekin kontatu gabe. Saharar herriak kontra egin dio geroztik okupazio horri, bere legezko eskubideen defentsan eta nazioarteko legediaren arabera jokatuz.

Mila esker gaur hemen izateagatik, gurekin batera egun hau ospatzen.