Udalak erabaki ditu dagoeneko ikastetxeentzako diru-laguntzak

Orioko Udalak diru-laguntza deialdia egin du aurten, herriko irabazi asmorik gabeko ikastetxeen jarduera eta proiektuak finantzatzen laguntzeko.

Deialdira aurkeztu diren eskaerak aztertu ondoren, Udalak erabaki du dagoeneko bakoitzak zenbat diru jasoko duen.

Hiru ikastetxek egin dute diru-laguntzen deialdian parte hartzeko eskaera: Maria Maestra haurreskolak, San Nikolas haurtzaindegiak eta Zaragueta eskolak. Herri Ikastolak ez du eskaerarik aurkeztu.

Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza zentroko haur kopuruaren arabera kalkulatzen da, deialdiaren oinarrien arabera; kalkulu hori egiteko, kontuan hartzen da haurren adina ere.

Diru-laguntza deialdiaren baitan, honako diru-laguntzak banatuko ditu Udalak, ikastetxeetan hainbat jarduera eta proiektu finantzatzen laguntzeko:

  • Maria Maestra haurreskolak 1.300 euro jasoko ditu.
  • San Nikolas haurtzaindegiak, 445,86 euro.
  • Zaragueta eskolako guraso elkarteak, 14.003 euro.

Udalak hitzarmen bana sinatuko du hiru ikastetxeekin, diru-laguntza horiek bideratzeko.