Orioko Udalak eta AEK-k (Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak) sinatu duten kontratuaren arabera, AEK arduratuko da Orioko euskaltegiaren zerbitzuaz datozen hiru urteotan. Hiru urteko epe hori luzagarria da, urtez urte, bi aldeak ados izanez gero; baina, gehienez ere, beste hiru urtez luzatu ahal izango da, hori delako legeak markatzen duen gehienezko muga.
Kontratuaren arabera, AEK-k 38.440 euro jasoko ditu ikasturtero, zerbitzu hori baldintza jakin batzuetan ematearen truke.
Udalak aurtengo udan egin du zerbitzua nori adjudikatu erabakitzeko lehiaketa publikoa eta AEKren proposamenak irabazi du lehiaketa hori.
Kontratuaren sinaketa irailaren 15ean egin da Orioko udaletxean eta bertan parte hartu dute Orioko alkateak, Udalaren izenean, eta Mertxe Mujikak, AEKren izenean.
Matrikulazioa zabalik
AEK-k zabaldu du matrikulazioa eta dagoeneko ari da jendea izena ematen, taldean ikasteko eta autoikaskuntza bidez ikasteko.
Izena emateko epea zabalik izango da irailaren 22a arte. Izena emateko, euskaltegiaren egoitzara joan daiteke (KTA eraikinean), honako ordutegian: Astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara eta astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 13:00era.
Telefonoz ere egin daiteke inskripzioa, AEKren zenbaki honetara deituta: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua).