Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina bat abiatu dute elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egin dezaten bultzatzeko. Kanpainaren bitartez, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute. Bide horretan, errenta-aitorpena euskaraz eginda, euskarari bide berriak irekitzen zaizkio eta, bide batez, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.
ALKATEAREN BANDOA
Kanpainaren barruan, alkateak honako bandoa argitaratu du:
Apirilaren 7an zabalduko da 2013ko errenta-aitorpena egiteko kanpaina eta, bando honen bidez, animatu egin nahi zaitut aurtengo errenta-aitorpena euskaraz egitera.
Urtetik urtera gero eta gehiago dira errenta-aitorpena euskaraz egiten duten oriotarrak. Oraindik askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak, baina euskarazkoen portzentajea handitzen ari da etengabe:
2009
Euskaraz egindako aitorpenak: 308 (%11).
2010
Euskaraz egindako aitorpenak: 399 (%13,98).
2011
Euskaraz egindako aitorpenak: 429 (%14,68).
2012
Euskaraz egindako aitorpenak: 474 (%16,40).
Aurten zuk ere egin dezakezu errenta-aitorpena euskaraz! Zergatik ez?
HERRIKO AHOLKULARITZAK
Alkateak, bandoa argitaratzeaz gain, gutunak bidaliko dizkie Orioko aholkularitza-etxeei, beren laguntza eta lankidetza eskatzeko kanpaina honetan. Aholkularitza-etxeei eskatuko zaiena, zehazki honako hau da: bezeroren bat etortzen zaienean, errenta-aitorpena egitea eskatuz, hari adieraztea aukera daukala euskaraz egiteko eta, nahi badu, hala egitea.
NOLA EGIN AITORPENA EUSKARAZ?
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara:
1. Mekanizatua
Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
2. Autolikidazio proposamena
Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
3. Internet bidezkoa
Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, propio adierazi beharko diozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
Oharra: Beste moduren batean egitean baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.
HIZTEGITXOA
Errenta-aitorpena egiteko hitz teknikoen inguruko hiztegitxoa osatu du UEMAk. Kontsultatu hemen HIZTEGITXOA