Udalak obrak egingo ditu azaroan Arrantzale kalean, bidegorri sarea osatzeko

Arrantzale kaleko bidegorri-zatia egiteko obrak azaroan egingo dira eta, eguraldiak laguntzen badu, lau bat astetan bukatuko dira. Irudiko planoan horiz markatuta dago non egingo diren lanak.

Obraren aurrekontua, guztira, 48.500 eurokoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du, 20.500 eurorekin, eta gainerakoa Udalak jarriko du. ‘Uzkue eraikuntzak’ enpresak egingo ditu lanak, azaroaren 3an hasita, asteartearekin, eta Arantzazuko Andra Mariren paretik hasiko da, gero hortik Bikamiota aldera jotzeko.

Lanen ondorioz, 11 aparkaleku galduko dira Arrantzale kalean. Aparkaleku horien galera konpentsatzeko, hainbat aukera aztertzen ari da Udala eta, galdutako guztiak ez, baina aparkaleku batzuk sortuko ditu inguruan.

Bidegorri sarea osatzen

Udalak apustu egin du herrigunean autoen erabilera gutxitzeko eta lehentasuna emateko oinezkoei eta bizikleta zaleei. Horregatik hartu ditu hainbat neurri azken urteotan, autoen abiada murrizteko eta bizikletan eta oinez ibili nahi dutenei erraztasunak emateko.

Herritarrek bizikleta gehiago erabili dezaten lortzeko, ordea, nahitaezkoa da behar bezalako bidegorri sare egoki bat izatea, eta hori da Udalak lortu nahi duena.

Udalak 2012ko urrian onartu zuen behin betikoz indarrean dagoen Plan Orokorra eta han jasota dago Orioko bidegorri sarearen trazatua.

Arrantzale kaleko zatia egin ondoren, Udalak ahalik eta azkarren heldu nahi dio Bikamiotatik autopista bitarteko zatiari. Hartara, herriko gunea eta hondartza aldea lotuta geratuko dira bidegorriz, nahitaez Muntoko bidetik joan behar izan gabe.