UDALAREN KOMUNIKATUA

Gaur goizeko 9:30ean Orioko Udalak urgentziazko bozeramaile batzordea egin du atzo goizeko atentatua gaitzesteko. Bertan 4 alderdi politiko izan dira, eta testua EAJ, EA eta PSOE alderdiek onartu dute. ANV alderdia abstenitu egin da.

Orioko Udaleko Bozeramaile Batzordeak, gure herrian atzo goizean izandako atentatua dela-eta, gaur goizean premiazko izaeraz elkarturik honakoa onartu eta publiko egitea erabaki du:

  • Lehenik eta behin gure gaitzespenik irmoena atzo goizean Fonorte eta Acciona enpresen aurka buruturiko atentatu terroristarengatik, kolektibo honi gure elkartasuna eta laguntza helaraztearekin batera. Gure gaitzespenik irmoena orotariko atentatu terroristei hala nola, gaur goizaldean Torremolinos-eko hondartzan gertatutakoari.
  • Armak utzi eta behin betirako desagertzeko eginiko deialdiei entzungor eginez, ETAk Oriotarren bizitzan presente egoteko beste behin egindako ahalegina salatzen dugu. Zoritxarrez, Euskal Herriaren desio eta eskakizunak mespretxatuz, ETAk indarkeria planteatzen du diskurtso bakar bezala. Txantaia eta izuaren alde eginiko apustuak ez du etorkizunik, porrota baizik.
  • Gure gizartea anitza dela onartzen dutenak, hots, gurea bezalako gizartea aberasten duten aukera politiko, sozial eta kultural guztiak bere osotasunean aintzat hartzen dutenak baino ez dira onartuko demokrazian.

Orioko Udala