Udalbatzarrak ezker abertzaleko hainbat kideren atxiloketa salatu zuen

Udalbatzarraren 2009ko urriaren 27ko ohiko bilkuran talde mistoko zinegotziek aurkeztutako mozioa onartu zen.

Udalbatzarrak bozketa bidez onartutako mozioaren testua honako hau da, hitzez hitz:

ESPAINIAR ESTATUAREN AZKEN ERASO ERREPRESIBOAREN AURREAN MOZIOA

Urriaren 13an euskal independentisten aurkako beste operazio poliziala eta judizial bat burutu zuten. Horren ondorioz, Euskal Herriaren eskubideen defentsan aritu diren ezker abertzaleko hamar militanteak atxilotu zituzten. Egun batzuk geroago, preso politikoen eskubideen defentsan aritu diren beste zortzi lagun atxilotu eta espetxeratu zituzten.

Joan den urriaren 17an milaka eta milaka gizon eta emakumeek Donostiako kaleak bete zituzten. Gehiengo zabal batek beste behin ere, agerian utzi zuen inposatu nahi diguten blokeo egoera honen aurrean ez dagoela prest subjektu pasiboa izateko. Gehiengo sindikalak egindako deialdi bateratuak jasotako atxikimendu eta babes zabalak argi erakutsi zuen mota honetako iniziatibak direla jendartea eskatzen ari dena.

PPk eta PSOEk 2001eko abenduan sinatu zuten itun antiterroristaren babespean, espainiar estatua benetako genozidio politiko bat egiten ari da. Eta horrekin amaitu beharra daukagu. Azken aste hauetan burutu diren atxiloketak eta espetxeratzeko agindu horien atzean, estatuak ideia jakin batzuk dituzten herritarrei parte hartze politikorako eskubidea ukatzeko jarrera politikoa ezkutatzen du. Baita ere, euskal preso politikoen eskubideen defentsan aritu diren pertsonen espetxeratzeak agerian uzten du, estatua estrategia errepresiboaren baitan lerrokatuta dagoela.

Izan ere, estatuak justizia helburu politikoak lortzeko erabiltzen duela salatu behar dugu. Horren adibide ditugu, Euskal Herrian disidentzia politikoaren aurka egiteko Auzitegi Nagusia bezalako epaitegi bereziek, egunero erabiltzen dituzten lege eta salbuespen neurriak.

Kezkatuta gaude estrategia errepresibo honetan estatuko botere desberdinek hartu duten egitekoa ikusita: elkar hartuta jokatzen dute, ez dute euren esparrua errespetatzen eta defentsarik gabeko egoerak eragiten dituzte. Gainera, Espainiar botereek egoera hau legitimatzeko orduan, zenbait komunikabideren laguntza paregabea daukate. Komunikabide horiek, jendarteari gatazkak ulertzeko informazio argia eta garbia eman eta boterea kontrolatu beharrean; guztiz kontrako jarrera hartzen dute eta kontrolatzeko desinformatzea izaten da euren lana.

Hau guztia dela eta, honako mozio hau aurkezten dugu Udalbatzak eztabaida eta onar dezan:

  1. – Udal honek bere elkartasuna helarazi nahi die azken aste hauetan atxilotuak eta espetxeratuak izan diren pertsonei zein hauen senideei. Halaber, inkomunikazio erregimenak, legeria antiterroristak eta dispertsioak eragiten duten eskubideen urraketa salatu nahi du.
  2. – Udal honek euren jardun politikoagatik espetxeratuak izan diren pertsona hauek berehala aska ditzatela exijitzen du.
  3. – Udal honek Alderdien Legea berehala deroga dezatela ere galdegiten du. Lege hori berez da injustua, eta aukera politiko eta sozial bat desagerrarazteko ari dira baliatzen.
  4. – Udal honek erakunde politiko, sozial eta komunikabideen aurka zabaldutako prozesuetan gutxieneko berme juridikorik ez duten ehundaka pertsonei bere elkartasuna helarazi nahi die
  5. – Udal honek espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak salatzen dugu. Jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea delarik.
  6. – Udal hau osatzen dugunok ez gaude egoera hau onartu eta etsitzeko prest. Horrexegatik, gatazka honi irtenbide demokratikoa bilatzeko gure konpromisoa berresten dugu.
  7. – Azkenik, onartutakoaren berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea erabakitzen dugu.