Udalbatzarraren akta zaharrak kontsultatzeko aukera

Udalak hasita dauka bere artxibo historikoa digitalizatzeko lana eta dagoeneko sarean jarri du lan horren lehen emaitza. Orioko Udalbatzarrak 1913tik 1958ra bitartean egindako akta guztiak daude oriora.com web orrian jasota, bilaketak egiteko aukerarekin.

Web orriaren atal berri horretara sartzeko, nahikoa da klik egitea portadan eskubitara agertzen den irudian; edo, bestela, zuzenean jotzea honako helbidera:

http://aktak.oriora.com/

Aktak PDF formatuan daude, deskargatzeko moduan, eta, beraz, edozeinek dauka aukera horiek etxetik kontsultatzeko, udal artxiboraino joan beharrik gabe.

Aktak PDFn eskura jartzeaz gain, edukien hustuketa egin da eta hori datu base batean antolatu da, bilaketak erraz egin ahal izateko. Zerbait bilatzeko, nahikoa da EDUKIA koadroan idaztea zer den aurkitu nahi dena (izen propio bat, etxe izen bat?) eta aplikazioak zerrendatuta aurkeztuko du zein aktetan azaltzen den bilatzen den hori.

Bilaketak errazteko, euskarazko abizenak, toki izenak eta abar euskal grafiaz idatzita daude datu basean, nahiz eta, askotan, bestela agertzen diren dokumentu originaletan.

Udal artxiboa pixkanaka-pixkanaka joango da bere funts dokumentalak digitalizatzen eta, beraz, Udalaren asmoa atal berri hori osatzen joatea da.