Udala eta bi eskoletako ikasleak juntatuko dira otsailaren 15ean udaletxean, Eskolako Agenda 21 programaren barruan

Udalak eta herriko bi eskolek programa bat daukate martxan, ikastetxeetan ingurumenarekiko sentsibilizazioa indartzeko: Eskolako Agenda 21 programa.
Programa horren barruan bilera egingo dute otsailaren 15ean, asteazkenarekin, 10:00etan hasita.

Kontuak errenditzeko bilera


Eskolako Agenda 21 programaren barruan udalbatzar berezia egiten da urtero maiatzean eta bertan ikasleek gaiak eta galderak planteatzen dizkiote Udalari, ingurumenarekin zerikusia dutenak. Udalak, orduan, zenbait konpromiso hartzen ditu bere gain, gai horiek lantzeko eta arazoei irtenbidea emateko.

Otsailaren 15eko bileran segimendua egingo zaie Udalak iaz hartu zituen konpromisoei: bete diren ala ez, zein zailtasun izan diren, zer dagoen aurreikusita eta abar.

Bi ikastetxeetako LH1etik LH6ra bitarteko ikasgeletako ordezkariak etorriko dira bilerara eta kontuak eskatuko dizkiete alkateari eta, orokorrean, Udalari.

Arazi IKT SL enpresa arduratzen da Eskolako Agenda 21 programaren gestioaz Orion.


Aurten ekitatea eta klima-aldaketa landuko dituzte


Aurten, iaz landutako “Ekitatea” aztergaiari “Klima aldaketa” gaineratu zaio. Bi gai horiek landuko dituzte ikastetxeetan ikasturte osoan eta 2017ko maiatzean egingo duten udalbatzarrean planteatuko dizkiote beren proposamenak Udalari. Aurrena gaiaren diagnostikoa egingo dute eta, ondoren, egoera hobetzeko proposamenak landu.


Zer da Eskolako Agenda 21 programa? (bideo laburra)