Deskonfinamenduaren hirugarren fasean sartuko gara ekainaren 8an eta, horrekin batera, Orioko udaletxea eta kultur etxea irekiko dira berriro.
Azken asteotan hitzordua hartu behar zen, udaletxera joateko, baina, astelehenetik aurrera, berriz irekita izango ditu ateak betiko ordutegian: 08:30etik 14:30era.
Maskara nahitaezkoa
Bai udaletxean eta bai kultur etxean nahitaez garbitu beharko dira eskuak gel hidroalkoholikoarekin sartzerakoan eta irteterakoan, eta maskara ere nahitaez erabili beharko da eremu komunetan eta bi metroko distantzia zaindu ezin denean. Bi eraikin publiko horietan eskailerak estuak dira eta ez dute aukerarik ematen bi metroko distantzia zaintzeko. Horregatik da beharrezko maskara janztea. Udaletxean, gainera, banaka jo behar dute herritarrek harrera-lekura eta, jendea pasilloetan ez pilatzeko, txanda itxoiteko tokiak markatu ditu Udalak, eskaileretan eta udaletxeko sarreran.