Ulrike Northoff organo-jotzaile alemanak kontzertua emango du larunbatean Orioko elizan

Larunbatean, urriak 4, organo-kontzertua izango da Bariko San Nikolas elizan, parrokiak eta Udalak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kontzertua 20:30ean hasiko da.

 

Organo-jotzaile ezaguna

Kontzertua Ulrike Northoff organo-jotzaileak emango du. Izen handiko organo-jotzailea da, Europa osoan jotzen ibilitakoa.

Stuttgart-etik gertu dagoen Esslingen hiriko Eliz Musikaren Kontserbatorioan egin zituen organo-ikasketak eta 14 urte besterik ez zituela eskuratu zuen organo-jotzaile diploma eskola hartan. Gero Heidelberg hiriko Goimailako Eliz Musika Eskolan jarraitu zituen trebakuntza ikasketak Bossert, Radulesku eta Ruebsam irakasleen gidaritzapean, besteak beste, eta han Goimailako Diploma lortu zuen, oso emaitza onekin. Hainbat urtez Meissen hiriko katedraleko organo-jotzailea izan da. Gaur egun Europan zehar ari da kontzertuak ematen: Alemanian, Inglaterran, Suitzan, Txekiako Errepublikan, Holandan, Belgikan, Lituanian, Frantzian, Italian… Egunkarietako kritiketan goraipamenak baizik ez ditu jaso, eta guztiek azpimarratzen dute organoa jotzerakoan erakusten duen trebezia eta garbitasuna.

PROGRAMA

Joko dituen piezak honako hauek dira:

Organorako hamabi bakarrizketa……Josef Rheinberger (1839-1901)

VII Con moto

V Andante amabile

 

Sonata Si Bemol maiorrean…………..Felix Mendelssohn (1809-1847)

Allegro con brio

Andante religioso

Allegretto

Allegro maestoso e vivace

 

24 pieza modu librean……………………….Louis Vierne (1870-1937)

Reverie

Prelude

 

Pastorale (0p 19)…………………………….Cesar Franck (1822-1890)

Andantino quasi allegretto

Andantino

 

Sonata Re minorrean………………………Gustav Merkel (1827-1885)

Risoluto allegro

Andante

Allegro risoluto

Fuga