Ur Kontsortzioaren fakturak euskaraz etorriko dira datorren urtetik aurrera

Datorren urtetik aurrera Gipuzkoako Ur Kontsortzioak euskaraz bidaliko dizkie fakturak Orioko herritarrei.

Fakturek, atzeko aldean, glosario bat izango dute, erabilitako hitz eta terminoen itzulpenarekin.

UEMAren ekimenez egingo da aldaketa. Hasiera batean, Azpeitiko Udalak egin zion eskaera Ur Kontsortzioari, aurrerantzean fakturak euskaraz bidaltzeko. Azpeitiko Udalak hori egin ondoren, UEMAk hartu du gaia bere gain eta mankomunitatea osatzen duten herriei proposatu die eskari bera bideratzeko Ur Kontsortzioari.

Orioko Udalak bideratua dio dagoeneko eskaria Gipuzkoako Ur Kontsortzioari eta, ondorioz, aurrerantzean euskaraz iritsiko zaizkie oriotarrei hango fakturak.

Euskaraz ondo moldatzen ez direnentzat, glosario bat eramango dute fakturek ifrentzuan lagungarri, euskaraz eta gaztelaniaz.