Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zazpigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea da, eta egitasmoa eskualdeko enpresa eta gazte langabeei bideratuta dago. Orain arte ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko sei edizioetan, guztira, 94 pertsonak hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 39 enpresatan: praktikak, prestakuntza lanpostuan…
Argazkikoak Hazilan proiektuaren 6. edizioan parte hartu zuten gazteak dira.
Berrikuntzekin dator 7. edizioa
Bi dira 7. edizio honetako berrikuntzarik azpimarragarrienak:
- Alde batetik, bereziki indartu da prestakuntza eskaintza.
- Bestetik, 6. edizioarekin alderatuta, parte-hartzaileek enpresatan praktikaldia egiteko aukera izango dute.
HAZILAN proiektuak enpresen premia errealak identifikatzen ditu. Premia horien arabera egin izan da edizio bakoitzaren trebakuntza-diseinua. Horrela, 7. edizio honetarako, partaideei bideratutako prestakuntza sendotu egin da. Izan ere, lehen fasearen baitan, partaideek honako modulua egingo dute: “Enplegurako prestakuntza profesionalean laneko orientabidea eta kalitatearen sustapena”. Trebakuntza konkretu hori, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren irakaskuntza (SSCE0110) profesionaltasun-ziurtagiriaren baitako prestakuntza-modulua da.
Aldi berean, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan-munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 25 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute gazteek. Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte.
Informazio-saioa
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, HAZILAN zer den azaltzeko eta proiektuaren xehetasunak emateko:
Eguna eta ordua: otsailak 13, asteazkena, 10:00etan
Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)
HAZILAN programaren faseak
Programak, hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea (zeharkako konpetentziak lantzeko), ondoren PRESTATU (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, KOKATU fasea (praktikaldia enpresetan). Hona hemen xehetasunak:
AKTIBATU fasea (80 ordu):
Zeharkako konpetentziak landuko ditugu, ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu (proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).
- Noiz: 2019ko otsailaren 25etik apirilaren 16ra
- Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
PRESTATU fasea (25 ordu)
Fase honen helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina egiteko gakoak ezagutzea. Besteak beste, ondoko gaiak landuko dira:
- Personal Branding: Profil profesionala, digitalki.
- CV digitala: Wix, Bideocurriculum-a, Linkedin…
- Sare sozialetako estrategia: Facebook, Instagram, Twitter…
- Hainbat erreminta digital: Trello eta Google-eko erremintak, besteak beste.
KOKATU fasea (200 ordu)
Lanbide-profilaren arabera, benetako lan-esperientzia lortuko da. Praktikak egiteko, lanpostua eta norberaren profila kontuan hartuko dira.
- Noiz: apirila-uztaila,
- Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia
Izen ematea
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta otsailaren 22an bukatuko da.
Bi modu daude izena emateko: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta; bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen webgunean: www.urolakosta.eus
Informazio gehiago
Informazio gehiago lortzeko:
- Vanessa Garcia
- 943890808
- hazilan@urolakosta.eus
- http://www.urolakosta.eus/eu/hazilan-programa
Programa operatiboa 2016-2020
Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi zen eta 2020an amaituko da). Proiektua Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatzen du eta 20 garapen agentziak hartzen dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatzen du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).