Urola Kosta eskualdeak turismo alorreko kalitate-sari bat irabazi du

Urola Kosta eskualdeak SCITEDeko 2017ko kudeatzaile onenaren saria eskuratu du, Urola Kostako turismo arloko enpresa eta zerbitzuetan kalitatea hobetzeko egindako lanagatik. Kalitatea hobetzeko eskualdeko programa Maribi Leundak kudeatu du. Saria FITUR azokan jaso dute Maribi Leundak berak eta eskualdeko udaletako eta turismo bulegoetako ordezkariek.

Zer da SICTED?

SICTED (Sistema Integral de Calidad Turística en Destinos) turismo eskaintzaren kalitatea hobetzeko proiektu bat da. Sistema horretan dauden eskualde, udalerri edo enpresek beren eskaintzan eta lan prozesuetan kalitatea hobetzeko urratsak egiten dituzte, metodologia jakin baten arabera. Azken helburua da turista eta bisitariei ahalik eta kalitate oneneko zerbitzuak eskaintzea eta zerbitzu horiek etengabe hobetzeko prozedurak ezartzea.

Urola Kosta, kalitatearen alde

Gure eskualdea 2006an hasi zen turismo helmuga gisa kalitatea hobetzeko lanak egiten. Lan horiek era koordinatuan garatu dituzte eskualdeko udalek, turismo bulegoen eskualdeko lan mahaiaren bidez. Une honetan, guztira, turismo sektoreko 56 enpresa ari dira programa honetan parte hartzen (ostatuak, jatetxeak, tabernak, museoak, turismo aktiboko enpresak…). Parte hartzaileek lehiakortasuna hobetzeko programa bat egiten dute, 4 ziklo dituena (4 urte). Ziklo bakoitzean prestakuntza eta laguntza teknikoa ematen zaie prozesua barneratzeko eta gero ebaluazio bat egiten zaie.

2014an Urola Kosta eskualdeak Sicted-eko 2014ko TURISMO DESTINO ONENEN lehiaketako lehen finalistaren saria eskuratu zuen eta 2017an, berriz, kudeatzaile onenaren saria eskuratu du. Sari horiek gure bailara turismoaren arloan kalitatearen alde egiten ari den apustuaren isla dira. Apustu hori guztiona da, Udal Elkartearena, udalena, turismo bulegoena, eta, bereziki turismo sektoreko eragileena (enpresa eta zerbitzuena).