Orioko eta Usurbilgo bake epaitegietan euskarazko zerbitzua bermatuko da laster, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jakinarazi duenez

Orain dela hilabete batzuk Orioko eta Usurbilgo alkateek eta UEMAko presidenteak eskaria egin zuten bi herrietako bake epaitegietan euskarazko zerbitzua bermatzeko.

Bi udaletako bake-epaitegietan langile berak dabiltza eta kontua da, bake-epaitegiko lehengo idazkari euskalduna erretiratu zenetik, euskaraz moldatzen ez den bat ari dela lanean. Horregatik, bi udaletako alkateek eta UEMAk kexua agertu zuten eta egoera bideratzeko eskaria egin zioten justizia administrazioari, Elebideri eta Arartekoari.

Udalen eskaria aztertu ondoren, Arartekoak Orio eta Usurbilgo bake epaitegietako idazkari lanpostuaren hizkuntza eskakizunaren derrigortasun data aurreratzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari. Orain, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, aldaketak egingo dira lanpostuen zerrendan eta, behin aldaketa horiek boletin ofizialean argitaratzen direnetik aurrera, Orion eta Usurbilen 3. hizkuntza eskakizuna beteko duen langilea arituko da lanean.