Uztailaren 1eko Euskal Jai egunean baserritar edo arrantzale jantzita ateratzeko eskatu die Udalak oriotarrei

Herritar talde batek eta Udalak Euskal Jai eguna antolatu dute uztailaren 1erako. Egun horretan, besteak beste, garai batean egiten zen inude eta artzainen konpartsa antolatu dute eta izena eman duen jendea aspalditxo ari da entsaioak egiten.

Antolatzaileen nahia da egun horretan XX. mendearen hasierako euskal giroa irudikatzea eta, horretarako, eskaera egin diete herritarrei, egun horretan baserritar edo arrantzale jantzita atera daitezen kalera.

Beraz, badakizue, astindu bat eman armairu eta kaxoiei eta atera jasota dauzkazuen euskal jantziak!

Kantu-jira handi bat ere egingo da goizean eta antolatzaileek herriko kantuzale guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera. Oso kanta ezagunak abestuko dituzte eta, beraz, edozeinek parte har dezake kantu-jiran.

Goizari bukaera emateko, herri bazkari bat antolatu dute herriko soziedadeek plazan. Festa giroko bazkari handia izango da eta txartelak salgai daude dagoeneko, 5 eurotan, kultur etxean, kanpinean eta turismo bulegoan. Lagunartean edota familian parte hartzeko aproposa da. Berrehun lagunetik gora parte hartuko du.

Euskal Jai eguneko programa

Hau da Euskal Jai egunerako antolatuta dagoen programa osoa:

10:00 Haurren esku pilotako finalak pilotalekuan, Orioko Pilota Elkarteak antolatua.

10:30 Ttuntturroak kalejiran.

11:30 Herriko trikitilariak kalez kale.

11:30 Taloak Herriko Plazan, Esperientziaren Eskolakoek prestatu eta zerbitzatuak.

12:00 Inude eta artzainen konpartsa.

12:30 Kantu-jira herriko hainbat talderen artean: Salatxo, musika eskola, Egunsenti otxotea…

14:00 Herri bazkaria plazan eta, ondoren, herritarren arteko kirol probak bertan.

17:00 Bikotekako dardo txapelketa herrikoia helduentzat Estropalari kalean.

19:00 Inude eta artzainen emanaldia Herriko Plazan.

19:30 Fan&go musika taldea Herriko Plazan.

23:00 Fan&go musika taldea Herriko Plazan.