XIV. ARRAUNKETA OLINPIKOKO NAZIOARTEKO ESTROPADAK ORIO 2008

DENA PREST AURTENGO NAZIOARTEKO ESTROPADETARAKO

Datorren apirilaren 19an (larunbata), Orioko Arraunketa Olinpikoko Nazioarteko Estropaden beste edizio bat jokatuko da. Hain zuzen ere, aurtengoa XIV. izango da. Ekitaldi hau Orio Arraunketa Elkarteak antolatu du, Orioko Udalaren eta Inmobiliaria Txurrukaren laguntzarekin eta Arraunketako Gipuzkoako Federakuntzaren gainbegiraketarekin.

Estropada hauek gizonezkoen “lemazaindun zortziko” modalitatean (8+) izango dira arraunketa olinpikoko modalitate erregina eta emakumezko “binako laukoan” (4x).

Aurten ere 2004ko edizioan martxan jarritako sistema berdinarekin jokatuko da. Hau da, kanporaketako estropadak, finalaurrekoak eta finalak marran 1.000 metroko distantzian lehiatuko dira. Horrela, 90 minutuko tartean guztira hamalau estropada lehiatuko dira, zein baino zein ikusgarriagoa, betiere ikuslearentzat erakargarritasun osokoak izan daitezen.

Aurtengo edizioa apirilaren 19ko arratsaldeko lau eta erdietan hasiko da, eta bertan lehen mailako arraunlari ingelesak, frantsesak, espainolak eta portugesak lehiatuko dira, euskaldunekin batera.

Lehen aldiz, 1968. urtean jokatu ziren Orioko Nazioarteko Estropadak, beraz aurten 40. URTEURRENA ospatuko da. Hori kontutan izanik, Orio Arraunketa Elkarteko antolakuntza batzordeak ahalegin berezia egin du edizio honetan gizonezkoen “lemazaindun zortzikoan” (8+) hamasei ontziren parte hartzea lortzeko (Iaz hamabi taldek parte hartu zuten arraunketa olinpikoko “modalitate nagusi” horretan).

Oriotarrek, berriro ere, MOLESEY BOAT CLUB elkarteko ontzi ospetsua lehiaketa horretan parte hartzea lortu dute; baita 2006. urteko edizioko irabazleak ere, SPORTING CLUB CAMINHENSE (Portugaleko txapeldunak), eta, nobedade bezala, UNIVERSITE NANTES AVIRON elkarte frantses historikoa izango da aurten Orioko Nazioarteko Estropadetan.

Emakumezko “binako laukoan” (4x) berriz, zortzi talde izango dira. Inglaterra, Frantzia eta Portugaleko taldeekin batera estatu espainoleko punta-puntako taldeak Orion elkarren aurka lehiatzea lortuko da euskaldunekin batera.