Ahalduntze Eskolaren martxoko programazioaren baitan, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 19. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko hainbat lan proiektatuko dituzte Orion. Emanaldia martxoaren 18an, ostiralarekin, egingo dute kultur etxean, 19:00etan hasita. Eta sarrerak eskuragai daude 3 euroan, kultur etxean.
Bilboko Zinegoak jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 28tik martxoaren 7ra luzatu da. Identitatea eraikitzeko eta nork bere burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugarietan jarri dute aurten fokua, eta Euskal Herriko zein atzerriko dozenaka film labur eta luze izan dira ikusgai azken asteetan.
Zinegoak HEDAPENA ekimenaren bidez, jaialdian eskainitako hainbat lan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan barrena zabalduko dituzte datozen hiletan eta, Ahalduntze Eskolarekin elkarlanean, Orion egingo dute emanaldia ostiralean, martxoak 18.
Sei ikus-entzunezko proiektatuko dituzte 19:00etatik aurrera, tartean, film laburren kategoriako ikusleen eta gazte epaimahaiaren sari bereziak lortu dituen 17 minutos con Nora.
Hau izango da programazioa:
- To the future, with love (Shaleece Haas, AEB)
- No deberiás (Maider Garcia Merino, Euskadi)
- Elsa (Albert Carbó, Espainia)
- Berak Baleki (Aitor Gametxo, Euskadi)
- 17 minutos con Nora (Imanol Ruiz de Lara, Espainia)
- Les filles ne marchent pas seules la nuit (Katerine Martineau, Kanada)
Filmen inguruko informazio guztia, lotura honetan.
Sarrerak salgai
Emanaldirako sarrerak 3 euroan daude eskuragai kultur etxean.