Urola Kostako Udal Elkartea “Zure enpresaren prebentzioa hobetu” programa bideratzen ari da, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresei laneko arriskuen prebentzioaren integrazioan laguntzeko.
Laneko arriskuen prebentzioaren araubidea ezagutu eta betetzea ez denez erraza, programa honekin zalantzak argitu eta hobetzeko laguntza ematen du Udal Elkarteak.
Parte hartzen duen enpresak prebentzioaren arloan aholkularitza jasoko du doan eta konfidentzialki. Urola Kostako Udal Elkarteko teknikari kualifikatu batek enpresara bisita egiten du. Bertan “barne auditoria” bat egiten da, laneko arriskuen prebentzioan kontuan hartu behar diren puntu garrantzitsuenak aztertuz. Azken finean, prebentzioko legediaren derrigorrezko informazioa eta dokumentazioa aztertzen du eta hala badagokio, zalantzak argitzen ditu: prebentzioko antolakuntza eredua, arriskuen ebaluaketa, prebentzio jardueraren plangintza… Ondoren, jasotako informazioa aztertu eta enpresari proposamen zehatzak egiten dizkio.
Dagoeneko hainbat enpresarekin lan egin du Udal Elkarteak eta beren balorazioa oso ona izaten ari da. Orain arte parte hartu duten enpresei balio izan die, batetik, prebentzioaren eguneroko kudeaketa eta egoera aztertzeko eta hobetzeko (integrazio maila handituz) eta, bestetik, kanpoko zerbitzuek egindako lanak ikuskatzeko.
Zure enpresan laneko arriskuen prebentzioan hobetzeko interesa baldin baduzu, eginda duzuena ondo ote dagoen zalantzak badituzu edo argibideak behar badituzu, programan parte hartzera gonbidatzen zaitu Udal Elkarteak.
Programa hau 2017ko maiatzera arte dago martxan eta eskualdeko enpresa txikientzako da.
Informazioa eta izen-ematea
- Urola Kostako Udal Elkartea
- Enpresentzako Zerbitzuak (Leire Ancin)
- Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
- Tel. 943890808
- prebentzioa@urolakosta.eus
- www.urolakosta.eus
Ekimenaren babesleak
Ekimena Urola Kostako Udal Elkarteak bideratu eta kudeatzen du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babes eta diru-laguntzarekin.