Abenduaren 2an, asteartearekin, umorezko bakarrizketa izango da kultur etxean, Udaleko Euskara batzordeak antolatuta.
Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak ekoiztu du antzezlana eta Olatz Pagaldai eskoriatzarra da aktorea.
Euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu nahi du “Erdaldun berrien kluba” bakarrizketak, betiere umore klabean.
Irantzu izeneko neska bat da protagonista; euskaraz pentsatzen, euskaraz sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz egiten duen Eskoriatzako neska bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlanaren hari nagusia.
Euskararen gaiari emakumearen ikuspegitik heltzen dio lanak eta adin guztietako publikoari zuzenduta dago.
Literatur lehiaketaren sarien banaketa
Bakarrizketa hasi aurretik, Udaleko Euskara batzordeak aurtengo ‘Euskaraz Gazte’ literatur lehiaketaren sariak banatuko ditu, ekitaldi irekian.