Futbol-zelaian egindako lanak aurkezteko ekitaldia egingo da irailaren 21ean

 

2020an hasita, Udalak hainbat lan egin ditu Mendibeltz futbol- eta sofbol-zelaiko argiteria eta belar-artifiziala berritzeko, baina, pandemiaren eraginez, orain arte ezin izan du prestatu herritarrei lan horiek aurkezteko ekitaldirik. Hori dela-eta, saio berezia antolatu du Udalak irailaren 21erako, asteazkena, egindako lan horiek herritarrekin konpartitzeko. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, futbol-zelaian bertan.

Imanol Alguacil ere bertan izango da

Ekitaldian Udalaren ordezkariek parte hartuko dute eta bertan izango da, baita ere, Imanol Alguacil futbol-entrenatzailea. Alguacil erreferente garrantzitsua bihurtu da futbolaren alorrean eta, ekitaldian, Orioko haur, gazte eta helduek aukera izango dute berarekin aurrez aurre egoteko eta elkarren igurtzia sentitzeko.

Ekitaldi laburraren ondoren, Orioko eta Zarauzko senior mailako futbol-taldeen arteko partida jokatuko da.

Berrikuntza garrantzitsuak

Azken bi urteetan elementu garrantzitsuak berritu ditu Udalak Mendibeltz futbol- eta sofbol- zelaian: LED teknologiako argiteria jarri du, energia aurrezteko; FIFA Quality ziurtagiria duen belar-artifiziala instalatu du, ureztapen sistema berritu du… Egindako berrikuntzen ostean, instalazioa herritarrei aurkezteko unea heldu da.