Irailean bukatu zen Orioko euskaltegian matrikulatzeko epea eta, taldeak osatu eta antolatu ondoren, dagoeneko hasita daude klaseak. Guztira, 75 ikaslek eman du izena. Sei talde eratu dira, batzuk goizean eta beste batzuk, arratsaldean.
Euskalduntzeko mailak
Goizez, bi talde osatu dira: bat A2 mailakoa eta bestea B1ekoa; arratsaldez, berriz, beste bi: A2-B1 mailakoa eta B2-C1 mailakoa.
Euskalduntze-mailako talde horiez gain, zerotik abiatzen direnentzat, Aisa ikastaro bat ere antolatu du euskaltegiak, batez ere kanpotik etorritako jendeari zuzendutakoa. Aisa ikastaroa arratsaldez da eta 12 lagun dabiltza bertan.
C2 mailako taldea
Aurten goi mailako talde bat ere osatu da, arratsaldez, C2 titulua edo 4. hizkuntza-eskakizuna lortu nahi duten herritarrez osatua. 9 lagun dabiltza taldean.
Horrez gain, 20 ikasle daude autoikaskuntzaren aukera egin dutenak. Horiek beren kasa ikasiko dute, tutore baten laguntzaz, eta tarteka Euskaltegian juntatuko dira mintza-saioak egiteko.
Udalaren ahalegin ekonomikoa
Udalak ahalegin ekonomiko nabarmena egiten du euskaltegiko klaseak herritar guztientzat eskuragarriak izan daitezen eta, AEKrekin sinatutako kontratuari esker, ikastaro guztiak 100 eurotan eskaintzen dira, merkatuko prezioa baino askoz merkeago. Langabezian daudenei, gainera, itzuli egiten zaie diru hori ikastaroa bukatutakoan, %80ko asistentzia izan badute.